Gizarte Segurantzak 5.239 prestazio bideratu zituen Nafarroan, urtarriletik irailera bitartean adingabea jaio eta zaintzeagatik. Horietatik, 2.429 lehen gurasoarenak izan ziren, normalean amarenak, eta 2.810 bigarren gurasoarenak. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, prestazio horren gastua 45.184.038 eurokoa izan zen.
Herrialde osoan, adingabea jaio eta zaintzeagatiko 351.507 prestazio-espediente izapidetu dira; guztira, 2.697.269.895 euro.
Kopuru horiek kudeatutako espediente kopuruari dagozkio, ez hartzaile kopuruari, prestazioa asteka har baitaiteke, eta horietako bat hasten den bakoitzean kontabilizatzen da.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa, amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu zituena, 2021eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean, eta bien arteko erabateko parekatzea dakar. Gaur egun, baimena 16 astekoa da bi gurasoentzat, eta eskubide indibidual eta besterenezin gisa aitortzen da. 16 aste horietatik, sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira, adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke.
Prestazio horien zenbatekoa erditze, adopzio, zaintza edo harreragatiko atsedenaldia hasi aurreko hilabetearen aurreko hileko kontingentzia arruntengatiko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) zuzenean ordaintzen du, baimenak irauten duen asteetan.
Urtarriletik irailera bitartean, adingabea jaio eta zaintzeagatiko prestazioen batez besteko iraupena 110 egunekoa izan da emakumeentzat, eta 103 egunekoa gizonentzat.
Jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera eskaintzen du Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, atari honen bidez: https://prestaciones.seg-social.es/. Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, urtarriletik irailera bitartean alta emandako eszedentzien kopurua 1.840koa da; horietatik 1.533 emakumeenak izan ziren, eta gainerakoak, 307, gizonezkoenak. Eszedentzien kopurua ehuneko 5,38 igo da aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Herrialde osoan 42.808 izan ziren alta emandako eszedentziak.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.