Ministroen Kontseiluak gaur onartu du Nafarroari 2.777.500 euro ematea Haur Hezkuntzako lehen zikloko 250 plaza publiko eta doakoak sortzeko. Hain zuzen ere, 32,2 milioi euro birbanatzea onartu dute, plaza publikoak sortzeko funts gehiago eskatu zuten zazpi autonomia erkidegoren artean -tartean, Nafarroa-.
Aragoik, Asturiasek, Gaztela eta Leonek, Valentziako Erkidegoak, Madrilek, Murtziak eta Nafarroak adierazi zuten prest zeudela finantzaketa gehiago jasotzeko Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea bultzatzeko programaren barruan, titulartasun publikoko plaza berriekin, batez ere 1 eta 2 urteko haurrentzat, zeina Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren parte baita.
0 eta 3 urte bitarteko eskolatzea bultzatzea da Jaurlaritzaren lehentasunetako bat, etapa horretan parte hartzea baita haurren emaitzak eta etorkizuneko hezkuntza-jarduna hobetzeko iragarle garrantzitsuenetako bat. Gainera, plaza horien eskuragarritasunak eta irisgarritasunak lagundu egiten dute aukera-berdintasunean, hobetu egiten du familia-kontziliazioa, hezkuntza-ekitatea eta lurralde-oreka.
Hori dela eta, autonomia-erkidegoek 670,1 milioi euro baino gehiago jaso dituzte 2021etik, eta, haiei esker, 65.000 plaza baino gehiago sortu ahal izango dituzte hezkuntza-etapa horretan.
Gaur onartutako birbanaketa Andaluziako Juntak itzulitako funtsei dagokie; izan ere, finantzaketa jaso zuten 12.069 plazetatik 1.040 baino ez sortzea aurreikusi dute. Erkidegoak gauzatu ez duen zenbatekoa (jasotako 120 milioi euroetatik 112 milioi euro baino zertxobait gehiago) itzuli egin da, eta horren zati bat lehen aipatutako autonomia-erkidegoen beharrak estaltzera bideratu da.
Itzultze horretatik geratzen den kopurua (80 milioi euro pasatxo) autonomia-erkidegoen eta beste sail batzuen artean (Defentsa Ministerioa, adibidez) beste birbanaketa bat egiteko gordeta geratzen da, eta 2025eko amaierara arte, 0 eta 3 urte bitarteko titulartasun publikoko plaza gehiago sortzera bideratuko da.