Barne Ministerioak, Plena Inklusiónekin lankidetzan, zenbait ekimen jarri ditu abian ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira, desgaitasunen bat duten pertsona guztien boto irisgarria bermatzeko, baita desgaitasun kognitiboa duten pertsonena ere (garun-paralisia, autismoa, Down sindromea…). Hala, aintzat hartu ditu kolektibo horien aldarrikapenak, urteak baitaramatzate herritar horiek bizitza politikoan bete-betean parte har dezaten borrokatzen.
Beste neurri batzuen artean, azpimarratzekoa da 2023ko hauteskundeetan Madrilgo hauteslekuetan probatu zen eta apurka-apurka beste hauteskunde deialdi batzuetan erreplikatzen joan den seinaleztapen sistema autonomia erkidego guztietako hiriburuetara zabaltzea. Iruñeko 26 hauteslekuetan jartzen ari dira kartel sistema hori, eta mezu argiak eta errazak eskaintzen ditu, arazo kognitiboak dituzten herritarrei laguntzeko, batez ere adinekoei, desgaitasun intelektuala dutenei edo irakurtzeko eta idazteko zailtasunak dituztenei, orientatzen eta hauteslekuetan mugitzen laguntzeko.
Hauteslekuaren kokapena, kabinak, ikastetxeak irekitzeko ordutegia edota bozkatzeko urrats nagusiak grafikoki adierazten dituzten piktograma batzuk dira, besteak beste.
Kartelak informazio publikoaren ikurrak sortzeari eta diseinatzeari buruzko ISO 22727:2007 arauaren arabera diseinatu dira, eta haien ulergarritasuna UNE-ISO 9186 kalitate-arauaren arabera ebaluatu da. Adimen-minusbaliotasuna duten 158 pertsonak parte hartu dute. Seinaleztapen-sistemak irakurketa errazeko instalazio-gida bat du.
Desgaitasuna duten mahaikideentzako laguntza
Desgaitasuna duten pertsonak mahaikide ere izenda daitezke, eta, beraz, hauteskunde-prozesuan erabateko parte-hartzea bermatzeko, administrazioak hainbat laguntza-tresna jarri ditu haien eskura.
Batetik, zailtasun kognitiboak dituzten pertsonek irakurketa errazera egokitutako eta bost hizkuntza koofizialetan (gaztelaniaz, katalanez, valentzieraz, galegoz eta euskaraz) eskuragarri dauden mahai-eskuliburuak eskuratu ahal izan dituzte. Gainera, kontu-hartzaileek eta ahaldunek gomendioak jasotzen dituzte desgaitasun-mota hori duten boto-emaileen erabateko irisgarritasuna zaintzeko, baita haiekin ahalik eta modurik errespetagarrienean harremanetan jartzeko ere.
Bestalde, gorrek edo entzumen-desgaitasuna dutenek zeinu-hizkuntza eta indukzio magnetikoko begizta interpretatzeko doako zerbitzua dute. Bestalde, itsu edo gor-itsuek, bai titularrek bai ordezkoek, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak erabakitzen duen laguntza izango dute.
Kit irisgarria
Ikusmen urritasuna duten 14 pertsonak botoa emateko kit irisgarria eskatu dute Nafarroan, braillez idatzitako boto-paperak, gutun-azalak eta dokumentazio osagarria barne, eta horrek autonomia osoz hautatzeko aukera ematen die.
Irisgarritasunari buruzko informazio gehiago:
https://info.eleccioneseuropeas2024.es/accesibilidad/guia-accesibilidad