Gizarte Segurantzak 1.767 prestazio bideratu ditu Nafarroan, urteko lehen hiruhilekoan, adingabea jaio eta zaintzeagatik. Horietatik, 816 lehen gurasoarenak izan ziren, normalean amarenak, eta 951 bigarren gurasoarenak. Prestazio horretan 14.455.135 euro gastatu ziren urtarrila eta martxoa bitartean.
Herrialde osoan, jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko 119.575 prestazio-espediente izapidetu dira; guztira, 888 milioi euro.
Kopuru horiek kudeatutako espediente kopuruari dagozkio, ez hartzaile kopuruari, prestazioa asteka har baitaiteke, eta horietako bat hasten den bakoitzean kontabilizatzen da.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa bi gurasoen eskubide indibidual eta besterenezina da. Amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu eta parekatu egin zituen. Gaur egun, baimena 16 astekoa da, eta horietatik sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke, haurrak urtebete egin baino lehen.
Prestazio horien zenbatekoa erditu, adoptatu, zaindu edo hartu aurreko hileko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) ordaintzen du zuzenean, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta hauen bidez: https://tramites.seg-social.es/acceso/prestacion-nacimiento-cuidado-menor.html.
Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, urteko lehen hiruhilekoan alta emandako eszedentzien kopurua 498koa da; horietatik 430 emakumeei egokitu zitzaizkien, eta gainerakoak, 68, gizonezkoei. Eszedentzien kopurua ehuneko 8,97 igo da aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Herrialde osoan 11.741 izan ziren alta emandako eszedentziak.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.