Espainiako Gobernuak tresna bat jarri du martxan, ELISA izenekoa, herritarren eta analisten esku Berreskuratze Planeko inbertsioak gauzatzeari buruzko informazio eguneratua jartzeko.
Tresna hori Internet bidez eskura daiteke. Berreskuratze Planaren web orria, Europako funtsen gauzatzearen jarraipena egitea ahalbidetzen du, Dirulaguntzen Datu-base Nazionaleko (BDNS) eta Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformako (PLACSP) datu publikoen analisiaren bidez. Datuok modu automatizatuan (web scraping) eta ikaskuntza automatikoan (machine learning) datuak biltzeko tekniken bidez ustiatzen dira.
Ildo horretan, ELISA tresnak aukera ematen du Next Generation EU funtsekin egiten diren lizitazio eta diru-laguntzen deialdien jarraipena egiteko, bai eta horien ebazpenarena ere, bai Estatuko Administrazio Orokorrak zuzenean kudeatzen dituenena, bai konferentzia sektorialen bidez autonomia-erkidegoei transferitutakoena, bai toki-korporazioek exekutatutakoena.
Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak azaldu duenez, tresna hau “beste urrats bat da, oso urrats garrantzitsua, Europako funtsen gauzatzeari dagokionez gardentasuna eta komunikazioa areagotzeko; eta hobetzeko aukerak eraginkortasun handiagoz identifikatzeko aukera ere emango digu”.
Alicia Echeverriaren esanetan, datuek Berreskuratze Plana izaten ari den eragin positiboa berresten dute, adibidez, “modernizazioan, balio erantsi handiagoko sektoreetako enplegu sorreran, edo Barne Produktu Gordinaren gorakadan”. Gainera, esan duenez, “inbertsio pribatua sustatzen ari da, eta orainaldiko eta etorkizuneko aukera bat da gure komunitatearentzat eta herrialde osoarentzat”.
Nafarroako funtsen onuradunen ia erdia ETEak dira
Nafarroako 9.871 enpresa, erakunde eta herritarrek dagoeneko 750 milioi euro dituzte Berreskuratze Planaren Europako funtsetatik. Onuradunen %49 mikroenpresak eta ETEak dira.
Funts horietatik, 646 milioi euro Estatuko Administrazio Orokorrak egindako deialdietatik datoz; 100 milioi Foru Erkidegoak konferentzia sektorialetan esleitutako baliabideekin ebatzitakoetatik datoz; eta 5 milioi orain arte udal-korporazioek lizitatu dituzte.
Inbertsio-bolumen handiena azpiegitura jasangarriko proiektuei esleitu zaie (% 36), eta, ondoren, industria-sarea modernizatzeari (% 21) eta trantsizio energetikoari (% 12).
Berreskuratze Planeko funtsak ekonomia errealera iristen ari dira
Nazio mailan, 34.400 milioi euro inguru enpresei eta etxeei esleitu zaizkie, ekonomia errealera iritsi direlarik dagoeneko.
Datu-base horren bidez lortutako informazioak berresten du Berreskuratze Planeko funtsak ekonomia errealera iristen ari direla. Zehazki, 627.237 herritarrek, erakundek eta enpresak jaso dituzte Berreskuratze Planeko funtsak otsailaren amaierara arte, eta horietatik %38 mikroenpresak eta ETEak dira.
Berreskuratze Plana gauzatzeko epearen erdian gaude, eta dagoeneko esleitu dira Berreskuratze Planaren lehen fasean Espainiari esleitutako 70.000 milioi euro ingururen % 50 inguru.