Polizia Nazionalak ekitaldi sozial eta kulturalen egitarau bat antolatu du Nafarroan 2024 osoan zehar, bere sorreraren 200. urteurrena ospatzen den urtean. Programa hori gaur aurkeztu dute Alicia Echeverria Gobernuaren ordezkariak eta Jose Maria Borja Nafarroako Poliziaren buruzagi nagusiak.
Gorputzak 200 urteko historian zehar izan duen bilakaera errepasatu du Echeverriak, eta ziurtatu duenez, “gaur egun Polizia Nazionala gorputz modernoagoa da, formatuagoa eta hobeto prestatua, egungo erronka handiei aurre egiteko –eta ez dira gutxi–”. Buruzagi nagusiak, bere aldetik, urte honetan zehar Nafarroan antolatutako ekitaldien berri eman du. Eta nabarmendu du bigarren mendeurrena “beren onena eman duten gizon eta emakumeek denboran zehar eraikitako obra kolektibo erraldoia” dela.
Bigarren mendeurrena interes publiko handiko gertakaritzat hartzen da, eta Polizia Nazionalaren historiako gertakari nagusiak oroitzen ditu. Ospakizuna 2024. urte osora hedatuko da, eta horretarako sortutako Batzorde Nazionalak bultzatzen eta koordinatzen dituen jardueren programa bat gauzatuko da. Batzorde hori ministerio arteko kide anitzeko organo bat da, Barne Ministerioari atxikia, eta Erregeen Ohorezko Lehendakaritzaren pean jarduten du.
Ekitaldi-programa
Joan den urtarrilaren 13an Espainiako bandera altxatzeko ekitaldia eta eroritakoen omenaldia egin zituzten Iruñeko Antoniutti parkean. Hurrengo mugarria datorren otsailaren 2an izango da, San Lorentzo parrokiak antolatzen duen San Ferminetako ohiko “eskalerika” Polizia Nazionalari eskainiko diotenean, dohaintza partikularren bidez ordaindutako mantu bat emango baitio San Ferminei. Halaber, gorputzaren 200. urteurrena ospatzeko eskultura bat enkargatu diote Carlos Ciriza artista nafarrari, eta Iruñeko General Chinchilla kalean jarriko dute datozen hilabeteetan.
Bestalde, Polizia Nazionalaren historia errepasatuko duen erakusketa bat antolatzen ari dira, eta beste garai batzuetako uniformeak, objektu historikoak edo gorputzaren espezialitate ezberdinetako berezko elementuak bilduko ditu. Erakusketa horren baitan, bi hitzaldi izango dira: Nafarroako Polizia Nazionalaren historiari buruzkoa bata, eta Polizia Nazionalari eta Foru Komunitateko terrorismoari buruzkoa bestea.
Gai horietan sakontzeko, gainera, Nafarroako gorputzaren historiari eta ETAren aurreko Polizia Nazionalari buruzko liburu bana argitaratzen ari dira.
Datozen hilabeteetan, hondamendi simulazio bat egingo dute Nafarroako funtsezko azpiegitura batean eta, era berean, Polizia Nazionaleko baliabideen erakustaldi handi bat antolatzen ari dira Iruñeko edota Tuterako zezen plazan.
Bisita instituzionalak antolatu dira Aralarko San Migelen santutegira eta Iruñeko Museora, Klaustrora eta Katedralera, eta ekitaldi instituzionala, hitzaldia eta anaitasun-bazkaria egingo dira Luzaideko Udalarekin.
Programa osatzeko, Polizia Nazionalaren irudia ikusarazteko beste ekitaldi batzuk egingo dira foru-lurralde osoan, gorputzak egiten duen lana erakusteko eta herritar guztiengana hurbiltzeko.
200 urte herritarren zerbitzura
1824ko urtarrilaren 13an, Fernando VII.a Erregearen ekimenez, Erresumako Polizia Orokorra deiturikoa sortu zuen Errege Zedula aldarrikatu zen. Zedula hori gaur egungo Polizia Nazionalaren aurrekari historikoa da, eta “ongia eta segurtasun publikoa bermatzeko” funtzioa duen nazio mailako lehen polizia-kidegoa da.
Bi mende horietan zehar, eta izen desberdinak izan arren, Polizia Nazionalak etengabe zerbitzatu die herritar guztiei, betiere zerbitzu publikoaren espiritu berarekin. 1844an Babes eta Segurtasun Kidego bezala ezagutzen zen, ondoren Zaintza eta, ondoren, Segurtasun eta Zaintza. 1942an, Poliziaren Kidego Orokorra izena hartu zuen, eta 1978an, Poliziaren Goi Mailako Kidegoa, izaera zibilekoa, Polizia Armatuaren Kidegoarekin batera zegoena. Gerora, Polizia Nazionalaren Kidegoa izena hartu zuen, egitura eta antolaketa militarra zituena.
Azkenik, 1986an, bi gorputzak bakar batean sartu ziren, Polizia Nazionalaren Kidegoan, eta izen hori Polizia Nazionala izatera pasatu zen 2015ean.
1978an beste mugarri historiko bat gertatu zen. BOEk hautaketa-proben deialdia argitaratu zuen, eta, bertan, “emakumezko kideentzako” ehun plaza sartzen ziren. Hurrengo urtean, 1979an, 42 emakumek egiten zuten karguaren zina, eta Poliziaren Goi Mailako Kidegoko lehen promozioko kide ziren. Gaur egun 74.000 agente inguru ditu Polizia Nazionalak, eta horietatik 12.600 emakumeak dira, hau da, langile guztien ia %18. Ehuneko hori %15ekoa da Nafarroan.