Nafarroako Probintziako Trafikoko Buruzagitzak bat egiten du Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Egun hori, duela 28 urtetik, azaroaren hirugarren igandean ospatzen da, NBEren Batzar Nagusiaren ebazpen baten arabera. Hori dela eta, elkarretaratzea egin dute buruzagitzaren atarian, eta bertan izan dira, besteak beste, Belen Santamaria probintziako Trafikoko burua, Nafarroako Gobernuko ordezkariak, epailetza, Guardia Zibila, Foruzaingoa, udaltzaingoak eta trafikoko biktimen elkarteak.
Aurtengo leloa “Gogoratu, Lagundu, Ekin” da eta 2023an helburua da fokua justizian jarri eta trafiko legeen aplikazioa aldarrikatzea, istripu bakoitzaren ikerketa egitea deliturik egin den ikusteko eta errepika ez dadin, zigor prozedura bidezkoa denean eta kalte-ordain zibila. Azken batean, trafiko-istripuen biktimei justizia egitea eta tragedia bakoitzetik lezioak ateratzea da asmoa, prebentzio-helburu batekin.
Munduko Egun honetan, trafikoko biktimek eta haien familiek errepideetan hil eta zauritu zirenak oroitzeko plataforma bat sortu nahi da; larrialdi-zerbitzuen lana aintzatetsi nahi da; istripuetako heriotzei eta lesioei ematen zaien erantzun legala nabarmendu nahi da; zirkulazioaren biktimei eta haien familiei babes hobea ematearen alde egin nahi da; eta istripuak prebenitzeko eta murrizteko ekintzak sustatu nahi dira.
Ezbehar-kopurua Nafarroako errepideetan
Zirkulazio-istripuek 1,3 milioi pertsona hiltzen dituzte urtero mundu osoan, gutxi gorabehera, eta 50 milioi pertsonari baino gehiagori eragiten dizkiete lesioak. Hau da, minutuko 12 pertsona inguru hiltzen dira munduan zirkulazio-istripuen ondorioz.
Nafarroari dagokionez, aurten 14 pertsona hil dira errepideetan, DGTren datuen arabera. Horietatik 12 hiri arteko bideetan izandako istripuetan hil ziren, eta 2, herri barruko bideetan. Hiriarteko errepideei dagokienez, 238 istripu gertatu ziren azaroaren 17ra arte, eta biktimek 64 zauritu utzi zituzten ospitalean, eta beste 266 ospitaleratu gabe zeuden. Hiri barruko bideetan, biktimadun 332 istripu gertatu ziren; guztira, 56 pertsona zauritu ziren ospitalean, eta 307, ospitaleratu gabe.