Gizarte Segurantzak urteko lehen bederatzi hilabeteetan jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko 4.908 prestazio bideratu ditu Nafarroan. Horietatik, 2.265 lehen gurasoarenak dira, ama normalean, eta 2.643, bigarren gurasoarenak. Urtarriletik irailera 41.370.850 euro gastatu dira prestazio horretan.
Herrialde osoan, 347.069 prestazio izapidetu dira jaiotza eta adingabearen zaintzagatik; guztira, 2.546,5 milioi euro.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa, amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu zituena, 2021eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean eta biak erabat parekatzea ekarri du. Gaur egun, baimena 16 astekoa da bi gurasoentzat, eta eskubide indibidual eta besterenezin gisa aitortzen da. 16 aste horietatik, sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira, adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke.
Prestazio horien zenbatekoa erditzearen, adopzioaren, zaintzaren edo harreraren aurreko hileko gertakizun arruntengatiko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) zuzenean ordaintzen du, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta formularioaren bidez, helbidean https://tramites.seg-social.es/acceso/prestacion-nacimiento-cuidado-menor.html.
Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, urtarriletik irailera bitartean Nafarroan alta emandako eszedentzien kopurua 1.746koa izan da; horietatik 1.463 emakumeenak izan dira eta gainerakoak, 283, gizonezkoenak. Eszedentzien kopurua %18,45 igo da, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Herrialde osoan 44.369 izan dira alta emandako eszedentziak.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.