Gizarte Segurantzak jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko 1.647 prestazio bideratu ditu Foru Erkidegoan 2023ko lehen hiruhilekoan. Horietatik, 771 lehen gurasoarenak izan ziren, normalean ama, eta 876 bigarren gurasoarenak, normalean aita. Herrialde osoan, 119.435 prestazio izapidetu dira jaiotza eta adingabearen zaintzagatik. Kopuru horiek kudeatutako espediente kopuruari dagozkio, ez hartzaile kopuruari, prestazioa asteka har baitaiteke, eta horietako bat hasten den bakoitzean kontabilizatzen da.
Urtarriletik martxora bitartean prestazio horretan egindako gastua 13.330.105 eurora igo da Nafarroan, eta 856,6 milioi eurora herrialde osoan.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioak amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu zituen 2021eko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zenean eta bien arteko erabateko parekatzea ekarri du. Gaur egun, baimena 16 astekoa da bi gurasoentzat, eta eskubide indibidual eta besterenezin gisa aitortzen da. 16 aste horietatik, sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira, adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke, astebetekoak gutxienez.
Prestazio horien zenbatekoa erditu, adoptatu, zaindu edo hartu aurreko hileko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) ordaintzen du zuzenean, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta formularioaren bidez, helbidean https://tramites.seg-social.es/acceso/prestacion-nacimiento-cuidado-menor.html.
Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.