- Guztira, Industria eta Turismo Ministerioak 207 milioi euroko laguntzak ematen ditu, 13 autonomia-erkidegotan erabilera turistikoa duen ondare historikoa hobetzeko 89 proiektutarako.
- Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroaren aburuz, laguntza horiek “turismo kulturala indartzeko balioko dute, eta munduan oso ezaguna den gure eskaintza kulturalaren dibertsifikazioa eta kalitatea lortzen lagunduko dute”.
- Gizateriaren Ondare izendatutako ondasun gehien dituen Europako laugarren herrialdea da Espainia (50), eta mundu mailan bosgarrena.
2024ko azaroaren 22an.- Gobernuak, Industria eta Turismo Ministerioaren bitartez, Lehiakortasuna Hobetzeko eta Ondare Historikoa Dinamizatzeko Programaren turismo-erabilerako laguntza-lerroaren behin betiko ebazpen-proposamena argitaratu du. Haren bidez, Murtziako Eskualdeak 35.412.927 euro jasoko ditu Interes Kulturaleko Ondasunen (BIC) erabilera turistikoa hobetzeko.
Guztira, 13 autonomia erkidegotako 89 proiektuk jasoko dituzte 207,6 milioi euroko laguntza horiek, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren baitan.
Laguntzak jasoko dituzten proiektuak aukeratzeko orduan, kontuan hartu dira helmugaren ezaugarriak, hala nola, bideragarritasuna, kalitatea eta turismo-ahalmena. Balorazio irizpideen artean, gainera, despopulazio arriskua duten helmugak hartu dira kontuan, euren potentzialtasun turistikoa bultzatzeko eta gizarte eta lurralde kohesioa indartzeko.
Behin betiko ebazpenaren estekan, proiektu onuradunak kontsulta daitezke: https://www.mintur.gob.es/PortalAyudas/Patrimonio-historico/Concesion/2022/Paginas/PropResDefinitiva.aspx
Jordi Hereu ministroak “funtsezkotzat” jotzen du “Espainiaren lehiakortasuna indartzea eta hobetzea, gure herriaren nortasuna, kultura-aniztasuna eta ondare historiko aberatsa ordezkatzen duen turismo-produktu kultural baten bidez”, eta, ildo horretan, “positibotzat” jotzen du “kultura-turismoa indartzeko balioko duten eta nazioartean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako 50 ondasunei esker aitortzen duen gure kultura-eskaintzaren dibertsifikazioa, desestazionalizazioa eta kalitatea lortzen lagunduko duten” laguntzen egokitasuna. Gizateriaren Ondare izendatutako leku gehien dituen laugarren herrialdea da Espainia Europan, eta bosgarrena mundu mailan.
Proiektu horietan gauzatuko diren jardueren artean daude turismo-erabilerarako Interes Kulturaleko Ondasun gisa izendatutako ondasunak kontserbatzea, mantentzea, balioan jartzea eta birgaitzea. Beste neurri batzuk ere sartzen dira: irisgarritasun unibertsala hobetzea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta ur- eta energia-baliabideen kontsumoa aurreztea, edo karbono-aztarna murriztea eta konpentsatzea, besteak beste.