Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzako Genero Indarkeriaren Aurkako Koordinazio Unitateko buru Laura Segurak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak sexu askatasuna osorik bermatzeko lege organikoan (LOGILS) jasotako sexu indarkerien biktimentzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen Errege Dekretua onartu du.
“Laguntza ekonomiko oso garrantzitsuak dira, eta horiekin Espainiako Gobernuak aurrera egiten du sexu indarkeriaren biktimen arretan, laguntzan eta errekuperazio integralean”, azpimarratu du.
“Biktimei helarazi behar diegu ez daudela bakarrik, eta Espainiako Gobernuak Zuzenbide Estatuaren mekanismo guztiak aktibatzen eta haien eskura jartzen jarraituko duela, laguntza eta arreta emateko eta indarkeria matxisten aurka borrokatzen jarraitzeko”, adierazi du.
Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen akordioak autonomia ekonomikoa bermatzea eta biktima ahulenen errekuperazio integrala erraztea du helburu. Izan ere, 41. artikuluan, sexu-indarkeriaren biktimek laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea dutela aitortzen du legeak, baldin eta sexu-indarkeriaren biktima direla eta baliabide ekonomiko nahikorik ez dutela egiaztatzen badute.
Segurak azaldu duenez, Errege Dekretuak ezartzen du laguntzak sexu indarkeriaren biktima diren emakume zein haurrei bideratuko zaizkiela. Horrez gain, biktima izaera egiaztatzeko bideak zehazten ditu, eremu judizial hutsetik harago: kondena-epai bat, babes-agindu bat edo kautelazko neurri bat adosten duen beste edozein ebazpen judizial; Ministerio Fiskalaren txosten bat; gizarte-zerbitzuen txosten bat; berdintasunean eta genero-indarkeriaren aurka espezializatutako zerbitzuen txosten bat; harrera-zerbitzuen txosten bat…
Salerosketaren biktimen kasuan, nahikoa izango da biktima horiei arreta integrala emateaz arduratzen diren zerbitzu publikoen akreditazio bat. Bestalde, adingabeen kasuan, Fiskaltzari edo organo judizialari jakinarazteko osasun-dokumentu ofizialen bidez ere egiaztatu ahal izango da sexu-indarkeriaren biktimaren egoera.
Istanbulgo Hitzarmena
Unitateko buruak adierazi duenez, laguntza hauekin bi konpromiso betetzen ditu Pedro Sanchezen Exekutiboak. Batetik, LOGILSa garatzea eta, beraz, sexu-indarkeriaren biktimen babesa hobetzeko bidean aurrera egitea eta agenda feminista bultzatzeko urrats bat gehiago ematea.
Eta, bestetik, nazioarteko konpromiso bat ere betetzen da: emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta haien aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena (Istanbulgo Hitzarmena) garatzea.