- Gaur hasten da aitorpen-epea internet bidezko aurkezpenetarako, eta 48 orduren buruan ordainduko dira kanpaina bateko lehen itzulketak. Kanpaina horretan 23.281.000 aitorpen espero dira, eta horietatik ia % 63 itzultzeko (11.650 milioi euro)
- Datu fiskaletako prebentzio-abisuei on line joko-eragiketei buruzko informazioa ere ematen zaie
- Kanpainan zehar, Agentziak gutunak bidaliko dizkie zergadunei aurkezpenean akatsik edo hutsik agertuz gero, haiek zuzendu ditzaten balizko egiaztapen baten aurretik
- ‘Le Llamamos’ plana maiatzaren 7an abiatuko da, eta apirilaren 29tik aurrera izango da hitzordua eskatzeko aukera. Lehengo urtean, 1.070.000 aitorpen baino gehiago aurkeztu ahal izan ziren telefono-laguntza pertsonalizatuko sistema horren bidez.
Zerga Agentziak gaur ireki du 2023ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ 2023) aitorpena internet bidez aurkezteko epea. Itzulketak, ohi bezala, 48 ordu eskasean hasiko dira, datorren ostiralean. Errenta Kanpainaren nobedade nagusia da maiatzetik aurrera martxan jarriko dela Espainiako udalerri txikietan bizi diren 65 urtetik gorakoentzako aitorpena egiten eta aurkezten laguntzeko plan berezi bat.
Aurten 23.281.000 aitorpen aurkeztea aurreikusten da, %1,2 gehiago, eta horietatik 14.614.000k, ia %63k, itzulketarako eskubidea ematea espero da, 11.650 milioi euroko zenbatekoarekin.
Bestalde, ordaintzeko aitorpenak dituzten zergadunek (aurreikusitakoaren arabera, 18.908 milioi euroko 7.092.000 aitorpen), aurreko urteetan bezala, ez dute lehen ordainketarik egin beharko kanpaina amaitu arte.
Kanpainaren egutegia
Aitorpena aurkezteko epea uztailaren 1ean amaituko da, bai ordaindu beharreko aitorpenetan, bai itzultzekoetan; hala ere, banku-helbideratzea duten aitorpenetan epea ekainaren 26an amaituko da.
Aitorpenak egin eta aurkezteko telefono bidezko arreta (‘Le Llamamos’ plana) maiatzaren 7an hasiko da, apirilaren 29tik aurrera hitzordua eskatuta, eta bulegoetako aurrez aurreko arreta ekainaren 3an hasiko da, maiatzaren 29tik aurrera hitzordua eskatuta.
Udalerri txikietako 65 urtetik gorakoentzako plan berezia ‘Le Llamamos’ planaren egun beretan abiatuko da. Arreta pertsonalizatuak, telefonoz eta bulegoetan, autonomia-erkidegoen eta udalen laguntza izaten jarraituko du.
Aurten, laguntza-zerbitzu nagusien aldez aurreko eskuragarritasunari eutsi zaio (martxoaren 12tik aurrera aurkezpenerako erreferentzia-zenbakia lortzea, eta martxoaren 19tik aurrera bai datu fiskalak deskargatzea eta bistaratzea, bai kanpainarako ‘app-a’ eta kanpainako lehen informazio-edukiak eguneratzea, bai egoitza elektronikoan bai ‘app-ean’ bertan.
Eduki gehigarri horien artean, atal berezi batzuk sartu dira, modu errazean azaltzeko amatasunagatiko eta haurtzaindegietako gastuengatiko kenkarien kasu zabalduak, ibilgailu elektrikoengatiko eta birkarga-puntuengatiko kenkari berriak, eta mutualistentzako itzulketa-sistema, eskaera-inprimakia aurkeztu ondoren.
Zerbitzuen aurrerapen horri esker, 1,6 milioi zergadunek baino gehiagok eskuratu dituzte dagoeneko beren datu fiskalak, eta antzeko zifra batek lortu du aitorpena kudeatzeko eta aurkezteko erreferentzia-zenbakia; beraz, garaiz prestatzeko aukera izan dute aitorpena aurkeztu ahal izateko, nahi izanez gero, lehen egunetik ‘Web Errenta’ bidez, eta, hala, dagozkien itzulketak ere arindu dituzte.
Udalerri txikietako adinekoentzako laguntza-plana
Kanpaina honen berritasun nagusia da plan berezi bat abiaraziko dela zerga helbidea udalerri txikietan duten 65 urtetik gorako pertsonen errenta aitorpenak egin eta aurkezteko.
Plana maiatzaren 7an hasiko da, apirilaren 29tik aurrera hitzordua eskatuta, eta lurralde komuneko 46 probintzietako 500 udalerritan baino gehiagotan bizi diren adinekoei eragingo die. Udalerri horiek hautatzeko (herrien zerrenda Agentziaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri), erreferentzia gisa hartu da 3.000 biztanletik beherako herriak izatea eta AEATren edo autonomia-erkidegoen zentro bat edo kanpainan laguntza-zerbitzua ematen duen udal bat ez izatea.
Udalerri horietan, eta udalek jarritako laguntzari eta bitarteko teknikoei esker, hitzordua gordetzen duten 65 urtetik gorakoei Zerga Agentziako langileek emango diete arreta, bideo-laguntza bidez; hala, beste edozein zergadunen arreta pertsonalizatu bera jasoko dute, baina beren udalak eskura jarritako instalazioetan, eta, beraz, ez dute ohiko arreta-puntu hurbilenera joan-etorririk egin beharrik izango.
Plan berezi hori kartel eta liburuxken bidez zabalduko da planean sartutako udalerrietan, eta Zerga Agentziak herritarrei laguntzeko eredu batean aurrera egin nahi du, zerbitzu bakoitzaren eta une bakoitzeko eskuragarritasunaren arabera publikoari arreta emateko modalitate guztiak konbinatuko dituena, adinekoen kolektiboarekiko sentikortasun berezia mantenduz, Adinekoen eta Pentsiodunen Plataformarekin sinatutako protokoloaren ildotik.
Ildo beretik, adinekoentzako egoitza elektronikoaren atala eguneratu da kanpaina honetarako. Hor sartzen dira laguntza-zerbitzuen liburuxka, informazio-liburuxka laburra eta kolektibo horrentzat interesgarriena izan daitekeen PFEZren araudia duen eskuliburu zabalagoa.