Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak ‘Berdintasun Geletako Sariak: Irene Sariak 2023’, unibertsitateaz kanpoko etapetan hezkidetza sustatzeko eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko proiektuak dituzten ikastetxeei zuzendutakoak.
Irailaren 29ra arte eman daiteke izena, Ministerioaren egoitza elektronikoaren bidez. Guztira, bederatzi sari banatuko dira.
Sari horiek eskuratu ahal izango dituzte indarkeriazko jokabideak prebenitzen eta desagerrarazten eta berdintasuna eta bakearen kultura sustatzen laguntzen duten hezkuntza-proiektuak, curriculum-materialak edo hezkuntza-berrikuntzak dituzten eta funts publikoekin mantentzen diren ikastetxeek, betiere gizonen eta emakumeen arteko berdintasunezko bizikidetza-estrategiak garatzen saiatuz. Proiektuak eta ekimenak 2021-22 eta 2022-23 ikasturteetan eginak izan beharko dira.
Sariak hiru modalitatetan banatzen dira: Haur eta Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa; eta Lanbide Heziketa edo araubide bereziko irakaskuntzak. Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira: lehenengo sariak 5.000 eurokoak izango dira; bigarrenak 3.000 eurokoak eta hirugarrenak 2.000 eurokoak. Aintzatetsitako ekimenak Ministerioaren argitalpen batean bilduko dira, eta jardunbide egokien adibide gisa zabalduko dira.
2006an sortutako Irene Sarien helburua da emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa sustatzea hezkuntza sistematik. 2022an, sari horiek Berdintasunaren aldeko Ikasgelak ekimenean sartu ziren, bai eta “Emakumezkoen talentuaren aldeko STEAM Aliantza, neskak zientzian” sarietan ere, neskatoen eta gazteen bokazio teknologikoak eta zientifikoak sustatzeko.
Berdintasuna sustatzea, genero-joeren aurka borrokatzea eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea dira Ministerioaren lehentasunezko helburuak.
Zentzu horretan, azpimarratu behar da Hezkuntza Legeak hezkidetzaren bidez bultzatzen duela genero berdintasuna hezkuntzako etapa guztietan. Horrez gain, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Balio Zibiko eta Etikoak irakasgaia sartzen du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari arreta berezia eskaintzen diona.