Errioxako Odol Bankuak eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) deia egin diete errioxarrei Aste Santuan egingo diren jaiegunen aurreko egunetan odola ematera joan daitezen.
Ekintza bateratuaren helburua da odol-ematea sustatzea eta Aste Santuan ospitaleratutako pazienteen transfusio-beharrak bermatzearen garrantzia ikusaraztea. Izan ere, denbora-tarte horretan joan-etorriak eta, ondorioz, zirkulazio-istripuak ugaritu egiten dira. Transfusio-zentroko datu estatistikoen arabera, Aste Santuan, Errioxan ospitaleratutako 100 paziente baino gehiagok 200 hemokonplementu ingururen transfusioa beharko dute.
DGTk emandako datuen arabera, 2023an 30 trafiko istripu izan dira Errioxan hiriarteko bideetan, eta guztira 53 biktima izan dira, horietako 5 hildakoak. DGTk gogorarazi du trafiko istripuei lotutako zifra bakoitzaren atzean biktimentzako, senideentzako eta gertukoentzako drama pertsonal bat dagoela.
Era berean, DGTk baieztatu du urtero 50.000 odol-emate baino gehiago bideratzen direla Espainian zirkulazio-istripuetako biktimentzat. Gainera, Errioxan egiten diren transfusioen %40 larrialdi egoeretara, kirurgiara eta traumatismoren bat izan duten pertsonetara banatzen dira, trafiko istripuetan eragindakoetara, esaterako.
Odol Bankuko unitate mugikorrean egin den ekitaldian parte hartu dute Errioxa Osasuna Fundazioko zuzendari kudeatzaile Sergio Martinez Astolak, Errioxako Odol Bankuko zuzendari tekniko Carlos Solak, Trafikoko buruzagi probintzial Beatriz Zuñigak, Guardia Zibilaren Trafiko Taldeko komandante Sergio Buenok eta Autoeskola Probintzialen Elkarteko presidente José Antonio Rodriguezek.
Trafiko Elkarteko kideek elkartasuna adierazi diete pazienteei, eta transfusio zentroko unitate mugikorrean odola eman dute. Guardia Zibilaren Trafiko Taldea trafikoa eta garraioa zaintzeaz, erregulatzeaz, laguntzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen den unitatea da, bai eta hiriarteko bideetan zirkulazioaren segurtasuna bermatzeaz ere.
Non eman odola
Odol Bankuak gogorarazi du odola emateko adinez nagusia eta 65 urtetik beherakoa izan behar dela, 50 Kg baino gehiago pisatu behar dela eta osasuntsu egon behar dela.
Nahi duten pertsona guztiek odola eman ahal izango dute Errioxako Odol Bankuan, San Pedro Unibertsitate Ospitalean, astelehenetik ostiralera 8etatik 20etara eta larunbatetan 9etatik 14etara. Zentroa itxita egongo da apirilaren 6, 7, 9 eta 10ean.
Gainera, ospitalera joan ezin diren pertsonek Odol Bankuko unitate mugikorrera joateko aukera izango dute. Aste Santuaren aurreko egunetan, unitate mugikorrak Arnedo, Pradejon, Santo Domingo de la Calzada eta Logroñoko hainbat gune bisitatuko ditu. Unitate mugikorraren ordutegiak eta kokapenak esteka honetan kontsulta daitezke: www.bancosangrerioja.org
175.000 joan-etorri Aste Santuan Errioxan
Aste Santuan izaten da ibilgailuen exodo masibo handiena denbora gutxian, eta Errioxan 175.000 joan-etorri espero dira. Hori dela eta, DGTk dispositibo berezi bat jarri du martxan, ahalik eta segurtasun eta arintasun handiena lortu nahian, eta bi faseri erantzuteko diseinatuta dago:
- Martxoaren 31ko (ostirala) 15:00etatik apirilaren 2ko (igandea) 24:00etara: 55.000 joan-etorri inguru aurreikusten dira Errioxan.
- Apirilaren 5eko (asteazkena) 15:00etatik apirilaren 10eko (astelehena) 24:00etara: 120.000 joan-etorri inguru aurreikusten dira Errioxan.
Errioxako autoeskolek emateari buruzko informazioa zabalduko dute
Errioxako Autoeskolen Elkarte Probintzialak eta Odol Bankuak akordio berri bat lortu dute etorkizuneko gidariei informazioa eskaintzeko odol emateen beharraz, prozesuaz eta helmugaz.
Kanpaina honen helburua da ikasleak kontzientziatzea egunero odola emateko beharraz, ospitaleratutako gaixoak artatu ahal izateko.
Errioxako odol-emaileak dira transfusio-katearen lehen katebegia, horiei esker, pazienteak zirkulazio-istripuetatik errekuperatu baitaitezke, baina baita ebakuntza kirurgikoetatik, tratamendu onkologikoetatik edo erditze konplikatuetatik ere.