Eivissan Lehen Auzialdiko epaitegi berri bat eta Probintzia Auzitegian magistratu plaza bat onartu ditu Gobernuak
Eivissan Lehen Auzialdiko epaitegi berri bat eta Probintzia Auzitegian magistratu plaza bat onartu ditu Gobernuak
Ministroen Kontseiluak, Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako ministroak proposatuta, Errege Dekretu bat onartu du gaur, 2023ko programazioari dagozkion hirurogeita hamar unitate judizial sortzeko. Horrek, gainera, planta judiziala egokitzea dakar. Helburua da aurreikusten den auzi-kopuruaren igoera bideratzea eta planta judiziala egungo beharretara egokitzea, herritarrei bermatzeko beren eskubideen babes judizialaren eraginkortasuna.
Errege Dekretu horretan, 36 epaitegi berri eta 33 magistratu-plaza aurreikusten dira kide anitzeko organoetan, autonomia-erkidegoek egindako proposamenen arabera, bai eta lurralde-atxikipeneko epaile-plaza bat ere, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari esleitzen zaiona, errefortzu- eta ordezkapen-eginkizunak egiteko. Horien artean daude Eivissako Lehen Auzialdiko 6. Epaitegia sortzea eta Balear Uharteetako Probintzia Auzitegiko 3. sekziorako magistratu-plaza bat hornitzea, ordena zibilari dagokiona.
Aipamen berezia merezi dute, gainera, Errege Dekretu honetan genero-indarkeriaren inguruan hartutako neurriek: epaitegi esklusibo berriak sortu dira, eta arlo horretako epaitegien elkarte berriak formalizatu dira. Helburua da emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegien jurisdikzioa bi barruti judizialetara edo gehiagotara zabaltzea, oreka egokia lortzeko epaitegia biktimengandik zentzuzko hurbiltasunean mantentzearen eta prozedura mota horrek eskatzen duen erantzun espezializatuaren artean.
Era berean, erantzuna ematen zaio genero-indarkeriako kasuak eta gainerako jurisdikzio-ordena penaleko kasuak bateragarri egiten dituzten epaitegi askok gaur egun jasaten duten gainkargari. Horrela, Justizia Administrazioak aurrera egin du Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunaren akordioak betetzeko bidean.
Zehazki, Errege Dekretuak zortzi barruti judizialen elkartze berri zehazten ditu, Andaluzian, Kanarietan eta Nafarroako Foru Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako gaiak aztertzeko, baita Valentziako barruti judizialaren taldearen aldaketa ere, jurisdikzioa Quart de Poblet eta Mislatako barruti judizialetara zabaltzen duena, gaur onartutako EDan Valentziako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 6. Epaitegia sortu eta eratu izanaren ondorioz.
Felix Bolaños ministroaren hitzetan, planta judizialaren handitze hau “Gobernu honek Justizia zerbitzu publikoarekin duen konpromisoaren erakusle da, eta gure herrian sektoreak behar duen eraldaketa bultzatzen jarraitzeko aurrerapausoa. Justizia Administrazioaren martxa onak bizitza sozial eta ekonomikoan duen eragina ukaezina da, eta neurri horiek ekonomia eraginkortasunez aktibatzen eta eskubideak eta askatasunak eraginkortasunez zaintzen laguntzen dute”.