Espainiako Gobernuak Galizian duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, eskola-garraioa kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina berezia hasiko da bihartik (astelehena) datorren ostiralera arte (hilak 22). Jardunaldi horietan, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) koordinaziopean, Guardia Zibilaren Trafiko Taldeko agenteek eta ekimen horrekin bat egiten duten udaltzainek egiaztatu egingo dute autobusek eta gidariek betetzen dutela arlo horretan ezarritako araudia, zeinak, besteak beste, betebehar hau jasotzen baitu: adingabeek behar bezala kalifikatutako pertsona batekin joan behar dute joan-etorrietan.
Kanpaina horrek garrantzi berezia du Galizian, Erkidegoan eskola-garraiorako ibilbide asko baitaude. Galizia da eskola-garraiorako linea gehien dituen Espainiako erkidegoa; publikoen artean 3.800 daude, eta hezkuntza-maila guztietan kontratatutakoak. Hezkuntza agintarien datuen arabera, ikasturte bakoitzean eskola-garraioko zerbitzuak 90.000 ikasle baino gehiago hartzen ditu eta egunero 7.000 zerbitzu ematen dira.
Guardia Zibilaren Trafiko Taldeak zaintza etengabea badu ere, aste honetan areagotu egingo dira prebentzio kontrolak, bereziki errepide arruntetan eta herri barruko bideetan. Helburua gurasoak, hezkuntza arduradunak eta autobus gidariak garraio mota honi buruz ezarritako arauak bete beharraz kontzientziatzea da.
Kontrol administratiboak eginen dira ibilgailu horiek zerbitzua behar bezala emateko eduki behar dituzten baimen eta agirien gainean. Halaber, egiaztatuko da ibilgailuaren baldintza teknikoak eta segurtasun-elementuak araudiak eskatzen dituenak direla, baita gidariak berak bete behar dituen baldintza bereziak ere, hala nola gidabaimena eta atsedenaldiak.
Eskola-garraio guztiek bete beharreko segurtasun-baldintzen artean, era horretako bidaiarientzako ibilgailuen gehieneko antzinatasuna, erantzukizun zibileko aseguru mugagabea eta eskola-garraioaren seinalea eramateko derrigortasuna daude.
Segurtasuna eta adingabeak
DGTren estatistiken arabera, eskola-garraioan gertatzen diren istripuen % 90 ibilgailura igo edo ibilgailutik jaistean gertatzen dira, edo justu handik gutxira, eta, kasu askotan, adingabearen, eskola-garraioko gidariaren edo laguntzaileen distrakzio batek eragindako harrapaketak izaten dira.
DGTk aipatu du, halaber, lesio larriak eragiten dituzten ezbehar gehienak segurtasun-uhalen erabilera egokirik ezarekin lotuta daudela.
Aurreko kanpainaren emaitza
Eskola-garraioa kontrolatzeko iazko urtarrilean egindako kanpaina baliokidean, 297 ibilgailu kontrolatu ziren, eta horietatik 139 salatu ziren 216 salaketekin.
Irregulartasun administratiboek eragin zituzten salaketa gehien, 10etik sei. Arau-hauste administratibo horien kausen artean, eskola-garraioa egiteko baimen berezirik ez izatea eta erantzukizun zibileko asegurua ez sinatzea nabarmentzen dira