Lehen Mailako Arretarako Extremadurari 14,5 milioi euro esleitzea onartu du gaur Ministroen Kontseiluak, Osasun Ministerioak proposatuta, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko.
Guztira, 580 milioi euro banatuko zaizkie autonomia-erkidegoei eta Ceutari eta Melillari -azken bi horiei, Osasun Kudeaketarako Institutu Nazionalaren (INGESA) bidez-, Espainian dagoeneko dauden 13.000 osasun-zentro eta kontsultategi baino gehiago modernizatzeko eta hobetzeko, eta partida horrekin fisioterapia-, erradiodiagnostiko- eta larrialdi-areto berriak finantzatzeko, alferrikako itxaronaldiak, saturazioak edo joan-etorriak saihestuko dituztenak.
Jose Miñones Osasun ministroak jakinarazi duenez, Lehen Mailako Arretako Azpiegiturak Hobetzeko Planak (MINAP) pertsona guztien arteko berdintasuna bermatzen laguntzen du, funtsezko zerbitzuak herritarrei hurbiltzeko tresna erabakigarria baita lurralde osoan eta, bereziki, despopulazioak gehien eragindako eremuetan.
Lehen Mailako Arreta herrialde osoan modernizatzeko onartu den inbertsioari esker, herritarrengana hurbiltzen dira diagnosi-, terapia- eta errehabilitazio-zerbitzuak. Horrela, arreta horiek behar dituzten pertsonek alferrikako joan-etorriak saihestu ahal izango dituzte, eta euren sarbidea hobetuko dute, herritarren ekitatea bermatuz eta lurralde kohesioa bultzatuz.
MINAP Plana Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak (CISNS) onartutako Lehen Mailako eta Komunitateko Arretako 2022-2023 Ekintza Planaren parte da. Lehen Mailako Arretako Eraldaketa Digitalerako Planarekin eta Aho-hortzetako Planarekin batera, astearte honetan onartutako partidak 1.092 milioi eurora igotzen du Lehen Mailako Arreta indartzeko Jaurlaritzak egindako inbertsioa, 2022 eta 2023 artean autonomia erkidegoetara egindako transferentzien bitartez.
Osasun mentala indartzea
Osasun mentalaren arreta indartzeko Extremadurara milioi bat euro inguru bideratzea ere onartu du astearte honetan Ministroen Kontseiluak. Guztira, 38,5 milioi euroko transferentzia onartu da autonomia erkidego eta hirietara -hauek INGESAren bidez-.
Jose Miñonesek gogorarazi duenez, Osasun Ministerioak Osasun Mentalaren Plana jarri du martxan, 100 milioi eurokoa. Esparru horretan, jokabide suizidaren arreta-lerroa aktibatu da: 024 telefonoa. Bere bizitzako lehen urtean, ia 119.000 dei artatu ditu, eta bere buruaz beste egiteko arrisku handiko edo abian dauden 8.563 kasu identifikatu eta horietan esku hartu du.
Osasun mentalari dagokionez, Osasun Prestakuntza Espezializatuko azken deialdian, Haur eta Nerabeen Psikiatriako mediku espezialistaren 20 BAME lanpostu esleitu dira lehen aldiz. Eta Osasun Mentalaren Estrategia eguneratu da, Lurraldearteko Kontseiluaren akordioarekin, 12 urte baino gehiago berritu gabe egon ostean.
Astearte honetan onartutako Lehen Mailako Arretako eta Osasun Mentaleko inbertsioek osatu egiten dute Goi Teknologiako Ekipoetan Inbertitzeko Planaren (INVEAT) ospitale-modernizazioa. Europako funtsetatik ia 800 milioi euro bideratu dira Espainia osoko ospitale publikoetarako goi-teknologiako 851 ekipo erosteko: diagnostikoa hobetzeko ekipoak (TACak edo erresonantzia magnetikoak, adibidez) eta tratamenduak (hala nola minbizia tratatzeko azeleragailu linealak edo hemodinamika-gelak).