2023ko irailaren 6an.- Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Héctor Gómez Palentziako Venta de Baños herriko Ceralto Siro taldearen fabrikaraino joan da gaur. Gomezek bisita horrekin indartu egin du Jaurlaritzak bere 200 langileei ematen dien babesa, enpresa batzordeak akordioa lortu ostean nekazaritzako elikagaien talde multinazionalarekin, lantegia gutxienez beste lau urtez irekita mantentzeko.
Hitzarmenak hainbat neurri jasotzen ditu zentroaren jarduera produktiboa ziurtatzeko –50 urte baino gehiago daramatza gailetak ekoizten–, baita inbertsio plan bat ere, datozen hilabeteetan forma hartuko duena eta lantegiko instalazioetan eta makinerian hobekuntza progresiboak ekarriko dituena.
Ministroaren aburuz, “joan den abuztuan enpresaren eta langileen artean lortutako ituna onuragarria da bi aldeentzat eta herri honen garapen ekonomikoa bermatzen du. Administrazio, enpresa eta sindikatuen arteko koordinazioa ere nabarmendu nahiko nuke, enpleguak babesteko eta zonaldeko garapen ekonomikoa bultzatzeko helburuarekin”.
Hector Gomezek berriro eskertu ditu Cerealtoren, VB1eko Enpresa Batzordearen eta enpresaren eta langileen arteko elkar ulertzea erraztu zuten gainerako erakundeen –Venta de Bañoseko Udala eta Gaztela eta Leongo Junta, kasu– prestutasun ona eta ahalegin bateratua. “Espero dut, inbertsio egokiekin eta alde guztien elkarlanarekin, fabrika honek Venta de Bañosi eta Gaztela eta Leoni kalitatezko enplegua eta garapen industriala ematen jarraitzea beste urte askoan”, gaineratu du.
Lan eraginkorra
2022ko ekainaren 13an Lehiakortasunerako Plan bat sinatu zen Espainian Cerealto Siro Taldearen etorkizuna bermatzeko, langileen babes zabalarekin. Plan horrek aukera ematen zion enpresari industria-etorkizun bat izateko, eta bertan lan egiten duten ehunka familientzako lana bermatzen zuen.
Akordio horrek apustu irmoa egiten zuen landa-eremuko Espainiaren, kasu honetan Gaztela eta Leonen, aukera ekonomikoen eta lan-aukeren alde, hori baita Gobernuaren estrategiaren lehentasunezko lerroetako bat.
Dibertsitatearen eta inklusioaren adibide da zentroa: bertako profesionalen %50 emakumeak dira eta bazterketa arriskuan dauden ia 20 pertsonari bermatzen die garapen profesionala. Gainera, Cerealtok lurraldeari ematen dion balioaren erakusgarri da; izan ere, bost hamarkada baino gehiago daramatza udalerrian lanean, eta 2.000 lanpostu inguru sortu ditu Gaztela eta Leongo landa-inguruneetan.
Beraz, negoziazioak hasi zirenetik Industria Ministerioaren helburu nagusia enpresarentzat irtenbide bideragarri bat aurkitzea eta lanpostuak bermatzea izan zen.