Guardia Zibilak, Barrengolp-Mozorrotu operazioa deiturikoan, Kantabriako eta Nafarroako banketxeetan indarkeriaz eta larderiaz lapurtzen zuen talde kriminal bat desegin du. Agenteek lau pertsona atxilotu eta beste bat ikertu dute, ustez parte hartzeagatik. Beste lapurreta bat egin baino une batzuk lehenago egin zituzten atxiloketak. Guztira, bost lapurreta argitu dituzte, eta beste bat egiten saiatu dira.
Atxilotuetako bik delitu-historia luzea dute, eta “La Viuda” izeneko bandako kideak ziren. Talde hori duela hamarkada bat baino gehiago Espainia osoan zehar aritzen zen lapurretan aditu batzuek osatzen zuten.
Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkari Ainoa Quiñonesek eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Jose Luis Arastik asteazken honetan aurkeztu dute operazioa, bi Autonomia Erkidegoetako Guardia Zibileko koronel Antonio Orantos eta Jose Santiago Martinekin batera egindako prentsaurreko batean, baita talde kriminal hori desartikulatzera eraman duten ikerketak zuzendu dituzten gorputzen beste agintari batzuekin batera ere.
Ikerketa 2021. urtean hasi zen, Kantabriako Puente Viesgo herrian eta Nafarroako Arbizun banku sukurtsaletan egindako bi lapurretekin. Agenteek jakin zutenez, egileak berdinak ziren bi lapurretetan, eta mota horretako delituetan espezializatuta zeuden.
2022an erakunde kriminalak beste hiru lapurreta egin zizkien banketxeei Nafarroako Lakuntza eta Lekunberri herrietan eta beste bat Kantabriako Roiz herrian.
Lapurrek arma laburrak zeramatzaten, langileak zein bankuen barruan zeuden bezeroak kikiltzeko. Kasuren batean bankuetako langileak ere lotu zituzten. Era berean, atxilotuek ileordeak, buru-berokiak, maskarak eta txanoak erabiltzen zituzten, baita obretako langileek erabili ohi duten arropa ere, identifikazioa zailtzeko.
Atxiloketak in fraganti
Ikertzaileek zehaztu zutenez, lau gizonezkok osatutako talde kriminala zen, eta horietako bakoitzak misio zehatzak zituen lapurretak prestatu eta egiteko orduan.
Banda urte honetarako beste lapurreta bat prestatzen ari zela egiaztatu zuten agenteek, eta, aztertzen aritu ziren hainbat lekuren artean, atxilotuek erabaki zuten euren hurrengo helburua Kantabriako Somo herriko sukurtsal bat zela.
Guardia Zibilak operatibo bat antolatu zuen, Esku Hartzeko Unitate Bereziaren (UEI) laguntzarekin, lapurreta saihesteko. Otsailaren amaieran, Somon atzeman zituzten taldeko kideak, eta horietako bi atxilotu zituzten sukurtsalean lapurreta egin baino une batzuk lehenago. Hainbat arma labur, labana bat eta beste hainbat objektu eta mozorrotze bitarteko atzeman zizkieten.
Beste bi kideak zaintzako eta itxaroteko misioak egiten ari ziren, ihes egitea errazteko, eta, ondoren, atxilotu egin zituzten.
Ikertzaileek lau ibilgailu konfiskatu eta hiru etxebizitza miatu dituzte, horietako bi Bizkaian eta beste bat Kantabrian.
Guardia Zibilak operazio horrekin Kantabriako eta Nafarroako banketxeetan egindako bost lapurreta argitu ditu –360.000 euro baino gehiago lapurtu zituzten bertan–, eta beste bat saihestu du Somo herrian.
Kantabriako Medio Cudeyoko lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak espetxera bidali ditu lau atxilotuak.
Kantabriako eta Nafarroako Polizia Judizialeko Unitate Organikoetako, UCOko (Unitate Zentral Operatiboa) eta UEI (Esku Hartzeko Unitate Berezia) Guardia Zibileko kideek hartu dute parte operazioan.