Ministroen Kontseiluak Errege Dekretu bat onartu du astearte honetan, eta, horren bidez, hizkuntza ez-ofizialei lotutako irakaskuntza-espezialitate berriak sartu ahal izango dira, autonomia-erkidego jakin batzuetan legezko babesa dutenak. Lurralde horiek, beren hezkuntza-eskumenak erabiliz eta beren autonomia-estatutuen babespean, hizkuntza horietako irakaskuntzak sartu dituzte beren hezkuntza-eskaintzan. Orain arte, irakaskuntza-espezialitateei buruzko Estatuko araudiak gaztelaniari eta hizkuntza koofizialei zegozkienak soilik jasotzen zituen, legezko babesa duten hizkuntza ez-ofizialetarako erregimen baliokiderik aurreikusi gabe. Horrela, arauketa gaurkotuta geratzen da, erkidego horien hezkuntza-errealitatera egokitzeko.
Errege-dekretu horren bidez, Gobernuak arau-esparrua eguneratzen du, autonomiek irakaskuntza horiek emateko beharrezkoak diren irakaskuntza-espezialitateak sortu ahal izan ditzaten, beren erregulazioarekin bat etorriz. Horretarako, hiru errege-dekretu aldatzen dira, maisu-maistren, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoetako espezialitateak arautzen dituztenak. Espainiako hezkuntza-sistema hobetzen laguntzen du neurri horrek, eta bat dator ordenamendu juridikoarekin. Espainiako hizkuntza aniztasuna aitortu eta babestearen baitan kokatzen da.
Espainiako Konstituzioak 3.3 artikuluan ezartzen du herrialdeko hizkuntza-moten aberastasuna errespetu eta babes berezia merezi duen kultura-ondarea dela. Ildo berean, Espainiak 2001ean berretsi zuen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak estatu sinatzaileei eskatzen die sustatu ditzatela egoki diren hezkuntza-maila guztietan hizkuntza horiek irakasteko eta ikasteko modu eta bitarteko egokiak. Era berean, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren arabera, lurralde osoan izaera hori ez duten hizkuntza koofizialak dituzten autonomia-erkidegoek, baita legezko babesa duten hizkuntza ez-ofizialak dituzten autonomia-erkidegoek ere, hizkuntza horietako irakaskuntzak eskaini ahal izango dituzte, araudiak ezarritako baldintzetan.
Irakaskuntzako espezialitate berriak
Bigarren Hezkuntzan, hizkuntza bakoitzari dagozkion espezialitateak ezarri ahal izango dira, eta irakasteko eskumenak Gaztelania eta Literaturakoekin analogiaz zehaztu. Hizkuntza Eskola Ofizialetan ere hizkuntza horiek sartu ahal izango dira irakaskuntza-espezialitateetan. Lehen Hezkuntzan, berriz, irakaskuntza horiek emateko beharrezkoa izango da dagokion espezialitatea izatea, hizkuntza koofizialekin eta atzerriko hizkuntzekin gertatzen den bezala. Espezialitate horiek sortzea aukerakoa izango da. Beraz, hezkuntza-administrazio bakoitzari dagokio haiek kontuan hartuko dituen ala ez erabakitzea, bere araudiaren eta hezkuntza-sistemaren premien arabera.