Kriminalitate tasa mila biztanleko 65,8 delitutan kokatu zen Balear Uharteetan urteko lehen hiruhilekoan
Kriminalitate tasa mila biztanleko 65,8 delitutan kokatu zen Balear Uharteetan urteko lehen hiruhilekoan
Balear Uharteetako kriminalitate tasa mila biztanleko 65,8 delitutan kokatu zen, urteko lehen hiruhilekoari dagokion Barne Ministerioaren balantzearen arabera. Adierazlea pandemiaren urteen aurretik erregistratzen ziren batez besteko balioen azpitik kokatzen da; 2020an eta 2021ean kriminalitatea mila biztanleko 51 eta 52 delituren tasetara murriztu zen, konfinamenduen eta mugikortasunaren murrizketen eraginez; 2019an, aldiz, tasa hori mila biztanleko 67,6 delituraino igotzen zen.
Urtarriletik martxora 15.545 arau-hauste penal izan ziren artxipelagoan, eta 10 kasutik 4 argitu zituzten. Gainera, mila delitu bakoitzeko 248 pertsona atxilotu eta ikertu zituzten, eta tasa hori aurreko urteko datuen oso antzekoa da.
Tipologiaren arabera, ebasketak dira delitu mota ugariena uharteetan: 3.673 kasu izan dira 2023ko lehen hiru hilabeteetan, eta ondoren iruzur informatikoak eta beste delitu batzuk (2.451 kasu izan dira urtarriletik martxora). Ziberkriminalitatea %10 baino gehiago hazi da aldi horretan, ohiko kriminalitate gisa tipifikatutako delituen gainetik, guztira %6 hazi baitira. Estatistikaren arabera, dolozko hilketen kopuruak (%61 gutxiago) eta droga-trafikoak behera egin dute berriro, eta jaitsiera ia %7koa izan da lehen hiruhilekoan, 2022ko aldi beraren aldean. Aldiz, nekazaritza edo abeltzaintza ustiategietako lapurretak %25 gehitu dira. Gainerako delitu-tipologiek igoera maila desberdinak izan dituzte, batez ere, ibilgailuetako lapurretek eta sexu-askatasunaren aurkako delituek. Oro har, arau-hauste penalen bolumena % 10 igo da artxipelagoan, iazko lehen hiru hilabeteekin alderatuta.
Espainia osoan, kriminalitate tasa mila biztanleko 49,8 delitukoa da. Balear Uharteak dira, Kataluniarekin (62,5) eta Madrilekin (59,8) batera, eragin handiena duten erkidegoak. Ondoren, Valentzia (53) eta Nafarroa (51,1) daude. Historikoki artxipelagoa izan da adierazle horren buru, tasa erroldatutako biztanleriaren gainean kalkulatzen baita, helmuga turistikoaren izaeragatik populazio flotatzaile handia dagoela kontuan hartu gabe.
Uharteka, azken hamabi hilabeteetako tasa metatu hau da: mila biztanleko 65,7 delitu-egitate Mallorcan; 81,3 Eivissan; 43,2 Menorcan eta 56 Formenteran.
Palman kriminalitate tasa mila biztanleko 85,1 kasukoa da eta, oro har, arau-hausteen kopurua %10,5 hazi da iazko lehen hiruhilekoaren aldean. 20.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Marratxik, Llucmajorrek eta Calviák kriminalitate-jaitsierak izan dituzte 2022ko lehen hiru hilabeteekin alderatuta. Gainerakoetan –Alcudia, Ciutadella, Eivissa, Inca, Maó, Manacor, Sant Antoni de Portmany, Sant Josep de sa Talaia eta Santa Eulària des Riu– tasa horrek gora egiten du.
Barne Ministerioak argitaratutako datuak Kriminalitatearen Atari Estatistikoan kontsulta daitezke, lotura honetan: Kriminalitatearen hiruhileko balantzea (mir.es)