- Gobernuaren ordezkariak aire zabaleko "Nerabezaroa indarkeria matxistaren aurrean" erakusketa inauguratu du Frai Francisco de Vitoria ibilbidean, Emakumeen aurkako Tratu Txarrak Ikertzeko Batzordearekin lankidetzan.
- Erakusketa hau Gobernuaren Ordezkaritzak bultzatutako Udazken Morea kanpainaren barruan kokatzen da, herritarrak indarkeria matxistaren aurkako borrokan kontzientziatzeko.
- Erakusketa azaroaren 27ra arte egongo da eta bigarren hezkuntzako 1.500 ikaslerekin egindako azterlan batean jasotako ilustrazioak eta testigantzak jasotzen ditu.
Herritarrek "Nerabezaroa indarkeria matxistaren aurrean" aire zabaleko erakusketa ikus dezakete dagoeneko Frai Francisco de Vitoria ibilbidean. Marisol Garmendia Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren ordezkariak inauguratu du zortzi panelek osaturiko erakusketa, zeintzuek Emakumeen Tratu Txarrak Ikertzeko Batzordeak Bigarren Hezkuntzako 1.500 ikaslerekin egindako azterlan batetik ateratako 16 irudi eta nerabeen testigantzak biltzen dituzten.
"Erakusketa hau mugarri garrantzitsua da Gobernuaren Ordezkaritza honek duela hilabete batzuk abian jarri zuen Udazken Morea kanpainaren barruan, herritarrak emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan kontzientziatzeko", adierazi du Garmendiak.
Udazken Morea kanpaina honetan Estatuko Administrazio Orokorraren egoitzetan eta bulegoetan Puntu Moreak jartzea, EHUko hiru campusetan pornosozializazioari buruzko hitzaldiak eta Donostian proiektatutako emakumeen salerosketari buruzko dokumental bat, Vitoria-Gasteizen aire zabalean egindako erakusketa hau eta datorren ostegunean Bilbon egingo den Menina Sarien banaketa sartzen dira. Garmendiak azpimarratu duenez, ekimen guzti hauek " herritarrak jabetu daitezen laguntzen saiatzen dira gure gizartearen balioak eta elkarbizitza arriskuan jartzen dituen gaitz honen handitasun izugarriaz".
Garmendiak gogorarazi du dagoeneko 40 emakume hil dituztela aurten Espainian eta horrelako erakusketek herritarrak sentsibilizatzen laguntzen dutela. "Emakume izate hutsagatik horiek erailtzea gizartean errotutako gaitza da eta eten egin behar da".
Gazteak berdintasun- eta parekatze-balioetan heztea funtsezko alderdia da indarkeria matxistaren aurkako borrokan. Erakusketa honek helburu hori lortzen laguntzen du. "Delitugileei aurre egiteaz eta emakumeak berehala babesteko neurriak hartzeaz gain, emakumeen berdintasun, errespetu eta duintasunaren balio etiko eta zibikoetan hezi behar ditugu gazteak. Erakusketa honek, hain zuzen ere, nerabeek indarkeria matxistaren aurrean duten pertzepzioa ezagutzea du helburu. Testigantza hunkigarriak dira, baina baita adierazgarriak eta esanguratsuak ere", azpimarratu du Garmendiak.
Inaugurazioan Emakumeen aurkako Tratu Txarrak Ikertzeko Batzordeko ordezkariak ere izan dira. Susana Martínez presidenteak azaldu duenez, CIMTM irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundea da, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran sortua, eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurka borrokatzea du helburu nagusi. "Sentsibilizazio-lan garrantzitsua egiten dugu eta funtsezkoa iruditzen zaigu nerabeek indarkeria matxistaren larritasuna eta ondorioak ulertzea, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanen garapenean hezi ahal izateko".